Bandera. Zintzo ta Alaiak

Zintzo ta alaiak

Hondarribiko Alardea osatzen duten Konpainiek bere banderekin istorio desberdinak izango dituzte. Gure Konpainiaren banderak ere badu bere historia ederra, eta horri buruz gehiago jakin asmoz, Benardo Virto-rekin egon ginen.

Bost urtez jarraian Gora Gazteak-en kapitaina, 60. hamarkadaren amaiera eta 70.aren hasiera dira bere kapitain garaiak. Gero ezkondu egin zen, eta bere kargua utzi egin zuen.

Noizkoa da gaur egungo konpainiaren bandera?

Lehen aldiz 1970ean erabili genuen bandera hau, Anutxi Lazkanotegi kantinera atera zenean. Aurreko urteetan bandera espainola erabiltzen zen, eta batzutan istiluak sortzen ziren. Ez ziren ezta istilu handiegiak, baina bazen jendea, Alardea ikusten ari zena, banderari tira egiten ziona, ez baitzen ados Espainiako bandera erabiltzeaz.


Nola erabakitzen da abandera aldatzea?

Bandera espainolakin atera eta gero, pentsatu genuen bazela ordua aldatzeko, baina ikurrinarekin ezin ginen joan, ez baitzegoen legalizatuta, eta orduan bazen jendea idea guztietakoa, eta orduan, bandera txuria eramatea erabaki genuen. Garai hartan egin genuen oraingo bandera.

Zeinek egin zuen bandera?

Albaceteko «Carmelitas Descalzas» monjek egin zuten. Nik badut arreba bat monja, eta berak esan zidan monja haiek oso finak zirela horrelako gauzetan. 5000 pezeta kostatu zuen, ez da garestia bandera ze polita den ikusten badugu. Bi urtetan Konpainian txapela pasata lortu genuen ordaintzeko dirua. Gainera, banderan agertzen den barkoa, monja beraien ideia izan zen. Beraiek bidali zizkiguten bi edo hiru marrazki, eta guk aukeratu genuen gero.

Eta banderan agertzen den «Zintzo ta alaiak» nondik dator?

Banderan testu ren bat jarri behar zela uste genuen, eta Manolo Pardavila eta ni joan ginen Fernando Artola «Bordari»rengana. Berak lista bat prestatu zuen, dozena bat esaldirekin, eta hau hautatzea erabaki genuen. Orduz geroztik agertzen da Konpainiaren banderan: GORA GAZTEAK, ZINTZO TA ALAIAK.

Eta makilaren gainean zer esan daiteke?

Bandera eusten duen makila Jose Antonio Iturrioz-ek egin zuen. Oso ederra da, material onekoa da gainera. Berak egurrarekin lan egiten du eta deus kobratu gabe egin zuen gainera.

Nork eraman zuen bandera lehen aldiz?

Uste dut Juan Ignacio Zubillagak eraman zuen lehen aldiz, eta ordutik aurrera bandera Loinaz familiak eramaten du.

Kapitain izan zineneko garaietatik pasadizoren bat gogoratzen al duzu?

Gogoratzen naiz nola haietako urte batean illak 8 igandea tokatu zela, eta Ama Guadalupekoak Kontxako bandera irabazi zuela. Jende asko etorri zen panuelo berdeekin, zinta berdeekin … Generalak esan zuen forma onean hori kendu egin behar zela, Alardeak irauten zuen bitartean gorria eraman behar zela, eta denek ixiixilik kendu egin zuten. Forma onean esanda dena da posible.

7-8 urte zituela atera zen lehen aldiz Alardean kaldero bezala Kofradian. Gero txibilito izatera. Ongi gogoratzen dut nola 2 txibilito eta 2 redoble joaten ziren. Gero, Esteban Esponda hil zenean redoble bat bakarra geratu zen eta Kofradiako sekretarioak Irundik ekarri behar izan zuen jendea, 40 duro ordaindu eta bar Rafael-en bazkaltzen ematen zieten. Gutxik jakingo dute Gora Gazteak konpaniaren banderaren historia berak bezala.